

2010/03/15: Atzo González-Laskurain 10-22ko emaitzaz menderatuta, Xala-Zubieta eskuzko Binakako Txapelketako lehenengo finalistak dira. Horrela, ligaxkako bigarren puntua lortu eta ondorioz, sailkapeneko lehenengo postua ziurtatu dute.
Urdinek 7-8koa arte besterik ez zuten sufritu, handik aurrera irudi bikaina eman baitzuten eta Sebastienek, berriz, ez baitzuen bere egun onik izan, beraz, Haritzek atzeko partean egindako lana ez zen nahikoa izan ondorengo porrota sahiesteko.
Eibarko atzoko galtzaileek igandean borrokatuko dute Logroñon bigarren txartelaren bila. Orduan Titín-Pascualen kontra arituko dira hauek larunbatean Iruñako Labrit pilotalekuan Irujo-Beroiz irabazi ostean. Garaileek 15-7koari buelta eman zioten azkenean 21-22 nagusitzeko. Gauzak hala, txapelketako lehen fasean lidertza eskuratu zuten Irujo-Beroiz kanpoan geratu dira, nahiz eta hurrengo asteburuan Xala-Zubietaren kontra jokatu behar.
Argazkia: http://www.aspepelota.com