

2010/03/31:
Josu Urkizak alde ezberdinetatik ezagutu du zesta punta, izan ere, hogei urtez jokatzen egon ostean, orain hainbat pilotari profesionalen masajista da eta Ondarroan urtero ematen dituen sei hilabetean Euskal Herriko frontoietara hurbiltzeko aprobetxatzen du.
Nolakoak izan ziren zure lehenengo pilotakadak?
Nire kabuz jokatzen nuen Ondarroako frontoian, baina desastre hutsa zen, kanerietatik arratoiak ateratzen ziren eta gero Markinako eskolan sartu nintzen. Bizikletaz joaten nintzen entseiguetara eta han besteak beste, Badiola, Mugartegi, Arrieta eta Etxaburu zeuden.
Laster sortu zitzaizun profesionala izateko aukera.
1959an, Kubara joateko kontrato bat eskaini zidaten, baina Fidelek boterea hartu eta ezin genuen joan. Oso triste jarri nintzen, baina handik gutxira Bartzelonan jokatzeko eskaintza heldu zitzaidan.
Eta han egin zenuen debuta, ezta?
Hala da, nik hamabost urte nituen eta Colón frontoian debutatu nuen, 33 metrokoa zen eta han palaz ere jokatzen zen. Zortzi puntista abiatu ginen hara eta ni nintzen txarrena, je, je. Gero ikasi nuen.
Kantxa askotan aritu zinen, gainera.
Colonen zortzi hilabete eman nituen eta Principal Palacen, bi urte eta piku. Han, hilero hogeita hamar partida jokatzen genituen eta, hori dela eta, azkar ikasi nuen. Gero, 1961an, Tampara joan, han urtero lau hilabete jokatzen genuen eta Tampa-Ocala denboraldia egin aurretik, Daytonan ere egon nintzen.
Eta 1968ko grebak ere harrapatu zintuen.
Bai, eta orduan okindegi batean hasi nintzen lan egiten, baina Tijuanara joateko kontrato bat eskaini, lesio bat sufritu eta hiru urte eman nituen jokatu barik, izan ere, masajistarekin ez nuen hobera egin eta azkenik Gasteizko mediku batekin osatu nintzen.
Geldirik egon zinen hiru urte hauek oso gogorrak izango ziren, ezta?
Noski, baina garai hartan sorgailu atomikoekin lan egin nuen, metalak garbitzen, eta horrek lagundu zidan, lan gogorra eginez hobeto sendatu nintzelako ustea daukadalako. Orduan, berriro entrenatzen hasi, beste kontrato bat lortu, baina 1976an Ocalatik bota ninduten eta Tampako polizian sartu nintzen. Isunen paperak egiten nituen eta poliziei balak eta uniformeak ematen nizkien, baina aspertu nintzen, 1978an Daytonako eta Melbourneko koadroan egon nintzen eta 1981ean erretiroa hartu nuen.
Ondarroa eta Bartzelonaren aldea handia zen.
Ikaragarrizko aldaketa izan zen hori, ardotik uretara pasatzea bezalakoa. Orduan alpargatak utzi eta txarolezko oinetakoak eta praka luzeak hartu nituen, dena ezberdina zen, baina moldaketa ez zen zaila izan, jokatzeko eta hobetzeko gogoa neukalako.
Estatu Batuak ere harrigarriak izango ziren.
Bai, han askatasun handia zegoen eta dena errazagoa zen, baina Floridara heldu orduko París eta Nueva York ezagutzen nituen, beraz, ohituta nengoen hiri handienetara.
Eta herrialdea gustatu zitzaizun.
Bai, han ezkondu eta geratu nintzen, baina orain, urtero sei hilabete ematen ditut Ondarroan; eta beste sei, Amerikan.
Kantxara atera eta harmailak beteta ikustea zoragarria izango zen.
Ikaragarria, sekulako poztasuna hartzen zenuen eta topera ateratzen zinen kantxara, nahiz eta agian gero dena txarto egin.
Orain, ospe handiko masajista zara.
Oso gaztea nintzela, Bartzelonan nengoela, hain zuzen ere, hasi nintzen mundu honetan. Gimnasiako kontuak gustuko nituen eta liburuak ere irakurtzen nituen. Estatu Batuetan, ikasteari ekin eta, masajistako tituluez gain, batxilergokoa, delineaziokoa eta sukaldari-burukoa ere atera nituen.
Zenbat urte daramatzazu lanbide honetan?
Hogei baino gehiago. Estatu Batuetan ez zidaten delineantea izateko aukerarik eman, hogei urteko mutikoak nahiago zituzten, baina masajeekin, ordea primeran irten zait dena. Ondarroan ere puntistei, Aurrerako futbolistei eta mundu guztiei, ez bakarrik kirolariei ematen dizkiet masajeak. Egia esan, lanpetuta nago eta pilotariak oso jatorrak dira.
Bukatzeko, gaur egungo puntistak aintzinakoen kontra jokatzeko gai izango lirateke?
Irastorza, Egiguren II.a, López eta hauek, bai, eta Goikoetxea, ba zer esango dizut? Ez dut inoiz hain indartsua denik eta 1,95 metroko altuarekin hain azkarra eta gorputz-jarrera guztiak menderatzen dituenik ikusi. Fenomeno bat da eta bera ikustea gozamen handia da.