

2009/07/29: Bihar, urteroko legez, Gernikan (22:00etan) antolatuko den jaialdiaz zesta puntak bultzada bat emango dio Kaltzada Egoitzari. Hitzordu honetan Master Jai eta Jai Aliveko pilotariak nor baino nor arituko dira.
Estelarrean, Iparralde eta Hegoaldearen arteko lehia polit bat izango da ikusgai, Baronio-Irastorza (Master Jai) Egiguren-Arriagarekin (Jai Alive) neurtuko baitira. Bai Irastorza, baita Egiguren ere, Banakako finalerdian egon berri dira eta bihar bere kalitatea erakusten saiatuko dira 35. tantora ailegatzeko.
Baronio eta Eric 2004 Munduko Txapelketan bigarren postua lortu zuten, biak bikain dabiltza eskuinez eta arma honekin min handia egiten saiatuko dira. Bestalde, Mikelek bere errebote bikaina baliatu nahiko du eta bere alboan oso seguru den puntista bat arituko da. Hala ere, Jonek horkatilean lesio bat sendatu berri du eta bere errendimendua nola izango den ikusi egin beharko da.
Atarikoak ere morbo handia izango du, bertan Aimar-Félix (Master Jai) eta Erkiaga-Goitia (Jai Alive) izango baitira protagonistak. Bi bikote hauek hilaren 19an neurtu ziren Markinan eta orduan lehenengoek eskuratu zuten garaipena, beraz, bere arerioek errebantxa bilatuko dute bihar. Horretaz gain, Félix Aimarren osaba eta Goitiaren koinatua da, beraz, lehia honek puntu familiar bat badauka.
Hossegorren ere, zesta punta
Bestalde, bihar beste jaialdi bat izango da ikusgai Hossegorren. Bertan Master Jaiko pilotari bat arituko da, Roberto Lekue, hain zuzen ere. Ondarroakoa, Alliez II.arekin batera, Frantziako bi pilotari amateurren kontra neurtuko da eta jasoko den dirua Senegalera bidaliko da pobreziaren kontra borrokatzeko.
Argazkia: Miguel Trinidad