
2009/06/29: Landerrek bihar bere lehenengo estelarra jokatuko du meniskoaren lesioa sufritu eta urtarrilaren 20an ebakuntza egin zioten ondoren, izan ere, handik hona bi partida eta kiniela bat besterik ez ditu jokatu.
Berriatuakoa Gernika Jai Alain izango den lehiaren protagonistetako bat izango da (17:00etan, bigarren norgehiagoka), eta han, batez ere eskuinez, baina errebesez ere indar handia daukan Elizegirekin batera arituko da. Hala ere, bizkaitarrek ez dute lan erraza izango, Luis Mari Alberdik eta Aitor Mugartegik oso bikote sendoa osatzen baitute.
Gauzak hala, aurreko koadroetan bi errematatzaile trebea ikusteko aukera egongo da, izan ere, iragan astelehenean Landerrek erakustaldi bat eman zuen lehenengo zenbakietan eta ondo erreboteatzen duen Luis Marik gaur bertan Foronda-Konparen kontra jasotako porrota ahaztu nahiko du.
Atzean, berriz, Adolfo beteranoa Mugartegiren kontra nagusitzen saiatuko da, baina aurten hau oso itxura ona ematen ari da eta 2009. urte honetan, Alberdi II.arekin alboan zuela, bi partida besterik ez ditu galdu, beraz, oso norgehiagoka parekatua aurreikusten da.
Eguneko hirugarren lehia ere interes handikoa izango da, bertan, Donibane Lohizunen ezin hobeto aritu ostean, Felixek eskuinez bikain dabilen beste puntista batekin osatuko du bikotea, Baroniorekin, hain zuzen ere. Bestalde, errebesez bikain dabiltzan Olha eta Alliez urdinez arituko dira eta hauek, aipatutako Felixekin batera, Challengeko finaleko kiniela jokatuko dute, baina hirurak talde ezberdinetan.
Arratsaldeko atarikoan (17:00etan) lau bizkaitarrak arituko dira, iragan astean sufritutako gaixotasuna sendatu berri duen Aimar eta Joakin Lekue, Trekuren ordezkoa, eta Arriolaren kontra neurtuko baitira.