

2009/06/25: Donibane Lohizuneko Campos Berriak bihar ezagutuko ditu (22:15etan) Antxon-Félix eta Lekue-Alliezekin batera zesta punta Challengeko finala jokatuko duten bi bikoteen izenak. Lehia erabakigarri hau hilaren 30rean, asteartean, ospatuko da kantxa eta ordutegi berean.
Kasu honetan, 25 tantorako kiniela batean neurtzeko frontoira aterako diren lau taldeak hauexek izango dira: Treku-Alberdi III, Olha-Garita, Alberdi II-Garai eta Lander-Arriola, beraz, euren kalitatea kontuan hartuta Lapurdiko hiri honetan espektakulu handia ikusiko dela ziurtatuta dago.
Izan ere, Trekuk badaki hango uztaileko Nazioartekoak irabaztea zer den, 2007an, Irastorzarekin batera, titulua eskuratu baitzuen. Era berean, sinatutako lau garaipen jarraian erakusten dutenez, Olha sasoian dago; Alberdik jokoaren arlo guztiak menderatzen ditu eta Lander, nahiz eta duela hamar egun berragertu, astelehenean ikaragarrizko erakustaldia eman zuen Gernikan.
Atzelariei dagokionez, Alberdi III.a bere segurtasuna baliatzen saiatuko da Garitaren indarrari aurre egiteko, baina honek arazo bat dauka, izan ere, frontoi honetan gutxitan jokatu du. Gauza bera gertatzen zaie eskarmentu handia daukan eta eskuinez bikain dabilen Garai eta oso errebes ona daukan Arriolari.