
2009/06/21: Luis Mari Alberdik errebantxa hartu nahi du Christophe Olharen kontra, izan ere, bere kontrako azken bi partidak galdu egin ditu, lehenengoa apirilaren bukera aldean ospatutako Master Jai Openeko finala izan zen eta bigarrena, iragan astean hilabete eta erdiko etenaldiaren ostean jokatutako lehenbiziko estelarra.
Bihar, Gernika Jai Alain (17:00etan, bigarren partida), Zumaiarrak eskarmentu handiko izar bat izango du atzean, Félix Espilla, hain zuzen ere, eta Donibane Garazikoaren lagunak ere, Adolfo Elizegik, esperientzia handia du, beraz, atzeko koadroetan ikusiko den borroka ikaragarria izango da.
Aurreko zenbakietan ere egungo bi erreferente nor baino nor arituko dira, Luis Mari, bai erremateekin, baita errebotearekin ere min egiten saiatuko delako eta Christophek, berriz, errebesez desorekatzeko asmoa izango du, horrela bere laugarren garaipen jarraian sinatzeko.
Arratsaldeko hirugarren norgehiagoka ere oso interesgarria aurreikusten da eta bertan, meniskoan sufritutako lesio batengatik kantxetatik at bost hilabete eta erdi eman eta astelehenean berragertu zen Landerrek garaipenaren bidea berraurkitu nahiko du. Horretarako, berriatuarrak Garitarekin osatuko du bikotea eta elkarrekin Aimar eta Mugartegi herritarren kontra jokatu dute.
Aldez aurretik, festibaleko atarikoan (17:00etan), beterano eta gazteen arteko lehia bat izango da ikusgai, izan ere, Philippe Baronio eta Javier Garai Roberto Lekue eta Jon Arriola bizkaitarren aurka arituko dira.