imagen decorativa

Irene Canto: Euskadin neska puntistak ez izatea harritzekoa da

Kataluniarra Bartzelonako Vasconia Klubeko pilotarietako bat da

Bartzelonako Vasconia Klubeko neskak

2009/06/17: Irene Canto Bartzelonako Vasconia Klubeko puntistetako bat da eta han astero hamabi pilotarik entrenatzen eta jokatzen dute, besteak beste, bere alaba Albak. Iaz, Gernikako Jai Alaiaren berrirekiera dela eta, biek Euskadin jokatzeko aukera izan zuten eta hemen ikusitako nesken arteko lehen zesta partidaren protagonistetako bi izan ziren. Orain, bizi izandako esperientzia polita honen ostean, Irenek gure herrira laster itzultzea espero du.

Nola hasi zinen zestaz?

2007an, nire alaba Valle Hebrón Olimpicsean antolatutako Campus batean egon zelako eta orduan, Vasconia Klubeko entrenatzaile batzuen bitartez, zesta punta ezagutu eta entrenamenduak ikustean, animatu nintzen. Klubak ere animatu ninduen eta han jarraitzen dut, pilotaz.

Zer erakarri zizun kirol honetaz?

Pilotaren abiadura, pilota hartzeko zailtasuna eta gainera, adrenalina botatzen duzu. Nik lehen boleibolaz jokatzen nuen nire alabaren ikastetxeko gurasoekin, baina ez nuen hainbeste adrenalina botatzen, eta zestaz jokatuz, bikain sentitzen nintzela nabaritu nuen. Egia esan, dena erakarri zidan, jokoa, abiadura, klubean dagoen giro ona, entrenatzaileak… Bai pertsonal aldetik, baita kirol aldetik ere, oso gustura nago hemen.

Noizero entrenatzen eta jokatzen duzue?

Ostegunero ordu bat ematen dugu frontoi laburrean eta larunbatero, bi ordu frontoi luzean. Hala ere, astebarruan klubak 18:00retatik 19:00etara jokatzeko aukera ematen digu eta ia-ia igandero partidak antolatzen ditugu.

Zenbat pilotari zaudete klubean?

Hamabi daude, baina normalean 12 eta 43 urte bitarteko zortzi joaten gara.

Klubeko mutilen kontra jokatzen duzue?

Bai, Gizarte Txapelketan Hirugarren Mailako mutilen kontra jokatzen dugu. Lehen Kataluniako Txapelketan ere haien aurka aritzen ginen.

Beste hirietako nesken kontra txapelketetan aritzea gustatuko litzaizueke?

Noski, hau da gure asmoa, emakumezkoen zesta ezagutzera eman, pilotariak harrapatu eta leku ezberdineko nesken kontra torneoak antolatzea.

Gogorra egin zitzaizun erremintara eta kantxara moldatzea, ala ikasketa uste zenuen baino errazagoa izan zen?

Zesta barruan hatzamarrak ezin mugitzea oso zaila egin zitzaidan eta erreminta kentzean, mina nabaritzen nuen. Ikasketa erraza izango zela uste nuen, baina ez zen hala izan. Nire alaba Alba eta klubeko pilotariak ikusita, bazirudien hau erraza zela, baina zabalera errebesez eta eskuinez botatzen hasi eta zaila izango zela ikusi nuen, batez ere, eskumuturrean lesio bat daukadala eta mugimendua murriztuta daukadala kontuan hartuta.

Nolakoa izan zen zure lehenengo zesta? Oraindik gordetzen duzu?

Oso estua zen, baina entrenatzaileak zabalegia zela esaten zuen, beraz, imajina ezazu. Duela urte bat, pilotari batek zesta berri bat erosi eta berea eman zidan, apainketa bat egin, eta oso gustura nag, erreminta orain berria balitz bezala dago. Lehenengo zesta birziklatzera geratu zen.

Nola gogoratzen dituzu udan Gernikara egindako bisitaldia eta partida?

Oso esperientzia atsegina izan zen, batez ere leku honen garrantziagatik. Frontoi honen berrirekieran Euskaditik kanpoko neskak jokatzea ez zen erraza, baina jendeak laguntza eman zigun eta harmailetan giro polita eta ikuskizun handia egon zen. Logikoa denez, urduri geunden eta hango pertsonek, Gonzalo Beaskoetxeak, bere anaiak eta guztiek primeran tratatu gintuzten eta dena oso polita izan zen.

Esperientzia hau errepikatuko alda?

Errepika ahalko da. Gainera, aurten hiru bikote bidaltzeko aukera izango genuke, iaz lau pilotari besterik ez baiginen joan.

Turismoa egiteko denbora izan zenuten?

Zoritxarrez, ez, 24 ordu besterik ez genituen Euskadin eman, hurrengo egunean umeen torneoa geneukalako, beraz, Bartzelonara itzultzeko beharra izan genuen.

Gernikaz aparte, Kataluniatik kanpo ere jokatu duzue?

Ba ez, Markinako bat salbu, ez baigenituen beste neska puntistak ezagutzen. Orain, Paueko neska batzuekin harremanetan jarri gara eta han partida baten bat antolatuko da, ea dena ondo ateratzen den.

Guillem kataluniarra urte bat eman zuen Euskadin, zer kontatu dizue herri honetaz eta zestaren hemengo egoeraz?

Paisai ederrak daudela. Berarentzat, Bilbon bizitzea oso erosoa izan zen, dena hurbil dagoelako eta leku guztietara oinez joaten delako. Zestari dagokionez, gu baino askoz hobeto zaudete, klub ugari daude eta gehiagotan jokatzeko aukera duzuelako. Eskuarekin konparatuz, berak esaten zuen telebistaz gutxi agertzen zela eta, bestalde, profesionalekin batera, Landerrekin, hain zuzen ere, txapelketa bat jokatu zuen, eta horrela hobera egin zuen (eta oraindik hobetzen ari da). Hango jendearekin oso gustura egon zen eta Bartzelonakoa eta puntista izatea zuentzat harrigarria zela uste zuen.

Euskadin neska puntisten gabeziak harritzen zaitu?

Ba bai, zesta puntako sorterria delako eta neska puntistak ez izatea harritzekoa da. Ea hemendik aurrera animatzen diren.

Nola ikusten duzu Kataluniako zestaren egoera? Zer egin daiteke zale gehiago lortzeko?

Zestaren egoera, orokorrean, ez da ona, Katalunian, gazteek ez dute ezagutzen eta, hori dela eta, ez dira pilotariak ateratzen. Vasconia Kluba dena egiten ari da zale gehiago lortzeko zesta ikastetetxetan ezagutzera ematen eta udako kirol campusak antolatuz. Ez dakit erakunde baten bat interesatuta egongo den ala ez, baina ondo legoke.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!