imagen decorativa

González de Heredia: Markinan aurten baino jende gehiago espero dugu

Pilotarien Batzarreko presidentea pozik agertu da Albeldan bizi izandakoarekin

César González de Heredia

2009/06/30: César González de Herediak urte asko eman ditu pilota munduan eta Nazioarteko Federazioan ere egon zen, baina Pilotarien Batzarraren jaia antolatzeari dagokionez, aurtengoa izan da bere estreineko esperientzia. Aulestiarra pozik agertu da Albelda de Ireguan bizi izandakoarekin eta dagoeneko buru-belarri dago 2010rean beste arrakasta bat lortzeko ahaleginak egiten.

Pilotarien Batzarreko jaiaren aurreko egunetan lanpetuta egon zinen.

Imajina ezazu, hau nire lehen aldia zen presidente karguan eta gauz asko egin behar dira, besteak beste, herriko alkateekin hitz egin eta ekitaldia saltzea ez da erraza. Orain hurrengo urtekoa prestatzen ari gara, beraz, hemen ez dugu atsedena hartzen.

Hurrengo urtean, hitzordua Bizkaian izango da.

Hala da, txandak errespetatuz, Nafarroara joan beharko genuke, baina 25. urteurrena izango denez, eta lehenengo edizioa Markinan ospatu zenez, herri hau hartuko du 2010. urteko jaia eta 2011n abiatuko gara Nafarroara.

Urteurrena dela eta, zerbait berezia prestatuko duzue?

Igandearen aurretik ere ekitaldiak egingo dira eta Guillermo Amutxastegi ondarrutarraren mendeurrena dela eta, herri honetan ere zerbait prestatuko dugu.

Beraz, ekitaldi batzuk hara joango dira.

Hango Udalan Turrillasek idatzitako liburu bat aurkeztuko da. Hirurogeigarren hamarkadan idatzitakoa da, baina orain berriro argitaratuko da eta bertan Guillermori buruzko hainbat bitxikeri agertzen dira. Era berean, agian gizon honi buruzko erakustaldi bat egingo dugu.

Pozik geratu zineten Albelda de Ireguan bizi izandakoarekin?

Bai, jende gutxi joango zelako beldurra geneukan, Albelda hurrun dagoelako eta bazkide batzuk helduak direnez, haientzat bidaiatzea zaila delako. Hala ere, 193 pilotazale bildu ginen eta lekua ezin hobea zen, iaz, Agurainen, ikastetxe bateko jolas-leku batean egin baigenuen afaria, teilatua uralitazkoa zen eta ikaragarrizko beroa jasan baigenuen. 2010rean, Markinan, jende gehiago espero dugu, izan ere, bazkide gehienak Gipuzkoa eta Bizkaiakoak dira.

2010. urteko jaia zesta tradizio handia daukan herri batean ospatuko da.

Hori berdin da, Pilotarien Batzarra ez da eskuzko, zestazko ala palazko erakunde bat, pilotazaleen elkarte bat besterik ez, eta hau da gauzarik garrantzitsuena.

Hainbeste gonbidatuekin, aintzinako lagunekin topo egin zenuen, ezta?

Bai, eta horrek ilusioa egiten dit, gainera, batzuk ekitaldi honetan besterik ez dituzu ikusten, baina denok badakigu hau ekainaren hirugarren asteburuan ospatzen dela eta dena antolatzen dugu huts ez egiteko. Adibidez, Txus Fernández de Iriondorekin urteroko jai honetan besterik ez dut ikusten eta berarekin egotea zerbait atsegina da. Jean Haritschelar ere ez nuen aspalditik ikusten, hau Pilotarien Biltzarreko presidentea zen eta.

Hau da Pilotarien Batzarraren Iparraldeko arreba.

Haiek gu baino lehenago hasi ziren jai hau antolatzen eta aurtengoa urriaren 11n ospatuko dute Ustaritzen. Guk Iparraldeko bati artero saria ematen diogu eta haiek gauza bera egiten dute Hegoaldeko batekin. Lehen, Gisasola, Gorostiza eta beste batzuk saritu zituzten.

Bukatzeko, nola sortu zitzaizun Pilotarien Batzarreko presidentea izateko aukera?

Sortu zenetik ezagutzen dut elkarte hau, gero, Gaytán de Ayalarekin Nazioarteko Federazioan nengoela, bazkide sartu nintzen eta apur bat beranduago, Richard Arroiabek bultzatu ninduen Zulaika eta beste batzuekin zuzendaritzan hasteko.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!