

24/06/2009:
José María Barquín Euskadikoa da, baina Indonesia ere maite du, izan ere, duela 32 urte hara abiatu zen zestaz jokatzeko eta orain bere lana eta bere familia han daude. Markinar honek Asiako urrezko garaia bizi zuen eta handik Master Jairekin hitz egin zuen web orri honi bere oroitzapen guztiak kontatzeko.
Zenbat denbora badaramazu Indonesian?
Ba 32 urte, izan ere, orain 55 urte ditut.
Zergatik geratu zinen Yakartan?
Zestaz jokatzera etorri nintzen, baina frontoia itxi egin zen, Indonesiako neska batekin ezkondu eta, bai hemen, baita Euskain ere, lan bila hasi eta azkenean Indonesian dagoen Espainako enbaxadan geratu nintzen.
Zenbat urte eman zenituen han jokatzen?
Ni 1977an heldu nintzen eta frontoia 1981n itxi egin zen, beraz, 22 urtekin heldu eta 26 urtekin utzi nuen. Yakartan bukatu ondoren, Cebun aproba bat egin nuen, baina berehala itzuli nintzen Indonesiara.
Zu Markinan, zure herrian, hasi zinen zestaz.
Hala da, han afizionatu mailan jokatu nuen eta berehala abiatu nintzen Mallorkara aldi berean soldaduska egiteko. Jarraian Daytonara joan eta han denboraldi bikoitzak betetzen nituen, frontoi horretan bost hilabete eta Melbournen beste bost egiten nituelako.
Nola bizi zinen Mallorkako lehen esperientzia hau?
Oso gaztea nintzen, 18 urte besterik ez nituen eta oso urduri nengoen. Orduan Alberdi eta Durangoko beste mutil batekin bidaiatu nuen hegazkinez.
Eta nolakoa izan zen gero Amerikan hartu zenuen lehenengo inpresioa?
Ona, hondartzan ibiltzea ikaragarri gustatzen zitzaidan eta gero Miamin ere inoiz egon naiz oporretan. Gainera, zesta puntarentzat oso garai ona izan zen hura eta Floridako frontoi guztiak bikain ibiltzen ziren. Behin Daytonako 24 orduko kotxe lasterketan ere egon nintzen eta hori zoragarria zen.
Orduan, ospe handiko jendea hurbiltzen zen frontoira Jai Alaia ikusteko.
Bai, baina hori batez ere Indonesian gertatzen zen. Yakartako gobernadorea eta hainbat politikari, abeslari eta famatu hara joaten ziren dirua jokatzera. Guri ere ekitaldi askotara joateko deitzen ziguten, baina leku guztietara heltzera ezinezkoa zen.
Nola sortu zen Asiara joateko aukera?
Gonzalo Aldekoaren bitartez. Estatu Batuetan ez zidaten kontratoa berritu, beraz, Markinara itzuli eta han berriro entrenatzen hasi nintzen, orduan, Gonzalok Indonesiara joateko pilotarien bila zebilela komentatu ziguten eta Txasio eta Ciprirekin abiatu nintzen hara.
Eta gogoratzen duzu nola izan zen bidaia?
Atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut. Bilbotik Madrilera, Parisera eta handik, Yakartara. Indian geldialdi bat egin genuen, han hegazkinetik jaitsi eta berehala berriro igo ginen, egoera oso txarra zelako. Guztira, ia ordu bat eman genuen bidaiatzen.
Zer iruditu zitzaizun herrialdea?
Azpigaratuta zegoen eta hasieran inpresio txarra hartu nuen. Ohiana bat bezalakoa zen, baina apurka-apurka gustatu zait, garatu egin da eta orain Yakarta Nueva York bezalakoa da.
Baina ekonomikoki, oso alde handiak daude, ezta?
Hemen kriston kotxe eta, bere alboan, jendea gosez hiltzen ikusten dituzu. Ez dago erdiko klaserik, leku batzuk arriskutsuak dira eta han diru-zorroa eta donutsak ere lapurtzen dizkizute, baina ezagutzen ditugu eta, bestalde, paradisu natural ugari ere baditugu, besteak beste, Bali.
Heltzean, zuretzat dena ezberdina izango zen.
Noski, adibidez, janaria oso garratza zen, baina gero ohitu egiten zara eta Euskadira joaten naizenean ere horrela jaten dut.
Etxetik hain urrun egotean, zer botatzen duzu faltan?
Familia eta janari batzuk. Noizean behin, hemen gauden euskaldunok elkartzen gara, baina bidaldiak oso luzeak dira eta trafikoa, jasaezina, izan ere, hamar kilometro egiteko, bizpahiru ordu eman behar dituzu. Guztira, bost pilotari ohi eta lanagatik hemen bizi diren euskaldun batzuk ere badaude.
Etorkizunean, Yakartan ala Markinan ikusten duzu zure burua?
Oraindik hamar urte geratzen zaizkit erretiroa hartzeko eta ez dut horretaz pentsatu. Emaztea Indonesiakoa da, ez litzaidake inporta etxera itzultzea, baina semea Sydneyn, Australian dago, eta Markinatik Indonesiara eta handik Australiara joatea Bermudaseko hirukia egitea bezalakoa izango litzateke.
Baina hemengo jendearekin harremanetan jarraitzen duzu.
Noski, astero amarekin hitz egiten dut telefonoz eta han dauden bost anairekin e-mailen bidez jartzen naiz harremanetan.
Emazteak eta semeak Euskadi ezagutzen dute?
Bai, oporretan egon dira eta ikaragarri gustatzen zaie, baina urte osoan zehar bizitzeko, ba ez dakit.