


2008/08/12: Andoni Arriaga berriro Olha-Irastorzaren kontra neurtuko da iragan ostiralean, Felixekin batera, Iparraldekoen aurka jokatu ondoren. Orduan Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoian lehia ikusgarri bat ikusi zen eta Hegoaldekoek bi eta bat irabazi zuten.
Egun hartan Berriatuako atzelariak Enbilen lekua hartu zuen, honek ezker oineko hatz batean infekzio bat baitzuen, baina zumaiarra bihar bertan berragertuko da Donibane Garaziko bigarren finalerdi honetan, 22:30rean hasiko dena. Gauzak hala, Olha-Irastorzak bolibartarraren kontra duela lau egun jasotako porrotaren mendekua hartu nahiko dute. Horretaz gain, profesional mailan debuta egin zuenetik, Cristophek lehenbiziko aldiz jokatuko du bere herrian, beraz, harmailetatik bere publikoaren bultzada sentituko du.
Beste interesgune bat munduko bi atzelari onenen arteko lehia izango da eta aurreko partean, berriz, elkar bikain ezagutzen duten goi-mailako bi pilotari arituko dira, izan ere, azken bi urteetan, Arriaga eta Olha Dania Jai Alaiko koadroan egon dira. Era berean, Andoni iragan asteartean Floridatik Euskadira etorri denetik daukan bolada ona luzatzen saiatuko da.
Garaileek hurrengo asteazkenean, hilaren 20an, hain zuzen ere tituluaren bila borrokatuko dute. Bere arerioak Goikoetxea-Félix izango dira, hauek iragan asteko finalerdian Baronio eta Alliez menderatu baitzituzten.