Arriaga eta Enbil, Donibane Lohizuneko finalaren bila

Bolibarko atzelaria eta Goikoetxea nor baino nor ariko dira aurten lehenbizikoz

Andoni Arriaga eta Txutxo Larrañaga

2008/08/11: Arriaga eta Enbil, ezker oinean infekzio bat sendatu ondoren berragertuko dena, Abuztuko Nazioartekoen finalaren bila ariko dira bihar Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoian (22:15etan). Izan ere, Goikoetxea eta Elizegi menderatuz gero, ligaxkako hiru partida irabaziko lituzkete eta matematikoki ziurtatuko lukete lidertza.

Azken hauek irabaziz gero, berriz, ligaxka gori-gorian jarriko litzateke, bi bikote hauek sailkapen buruan bina puntura berdinduta geratuko bailirateke eta Olha-Irastorzak berdinketa hirukoitza eragiteko aukera izango lukete ostiralean. Gauzak hala, lehia ikaragarri bat espero da eta, gainera, hau izango da 2008. Urte honetan Andoni eta Iñaki, munduko bi aurrelaririk onenak, nor baino nor arituko diren lehen aldia. Bi pilotari hauek azken Mundialeko finalean neurtu ziren eta orduan Goikoetxeak bere bosgarren txapel jarraian eskuratu zuen Enbilekin batera.

Moral aldetik, Arriaga bikain dabil, Floridatik etorri osteko bere bi partidak, azkena iragan ostiralean, irabazi baititu. Orduan, Felixek Enbilen lekua hartu zuen atzean eta elkarrekin Olha-Irastorza bi eta bat menderatu zituzten. Hala ere, Iñaki aurten ere modalitate honetako eta Miami Jai Alaiko izar nagusia dela erakusten ari da eta hau ere garaipenaren bila aterako da kantxara.

Atzeko partean ere oso borroka polit bat izango da ikusgai, Gotzonek oinean izan zuen mina ahaztu baitu eta Donibane Lohizuneko Uztaileko Munduko Openaren finala irabazi eta Ziarrusta Memorialaren Ases Torneoaren finala galdu ostean, beste final bat jokatzeko asmoa duelako. Bere aurrean Elizegi izango da, uda honetan hau oso itxura ona ematen ari da eta hain garrantzitsua den Campos Berri frontoian bere indarra erakusten saiatuko da. Hala ere, Zumaiako atzelariaren defentsak apurtzeko gogor egin beharko du lan, honek bikain eusten baitio piloteoari.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!