Arriaga munduko txapeldunordea, berriro Euskadin

Bihar Donibane Lohizunen ariko da eta aurten hiru hilabete emango ditu Master Jairekin

Andoni Arriaga eta Aitor Totorika

2008/08/04: Andoni Arriaga, iaz Eric Irastorzarekin batera Munduko zesta punta Txapelketan bigarren postua eskuratu zuena, Euskadira etorri da Master Jai enpresarekin aurten hiru hilabete, iaz baino hilabete bat gehiago, jokatzeko.

Bolibartarrak, Dania Jai Alaiko izar nagusiak eta aurten lesioen erruz Most Winsa irabazi ez duenak, lehenengo hitzordua izango du Donibane Lohizuneko Abuztuko Nazioartekoen biharko jardunaldian (22:15etan). Partida honetan Gotzon Enbil, bost aldiz binakako munduko txapelduna eta Daniako lagunarekin jokatuko du eta elkarrekin punta-puntako bikote bat osatzen dute.

Bere aurkariak Baronio eta Alliez izango dira eta hasierako jardunaldian hauek Goikoetxea eta Elizegiren kontra amore eman zuten, baina asteazkenean Ziarrusta Memorialean Ases eta Viceases Torneoak, hurrenez hurren, irabazi zuten, beraz, moral aldetik gora egin eta bere kalitatea erakusteko gogoa izango dute.

Aurreko koadroetan borroka ikaragarri bat izango da ikusgai, Andonik bikain errematatzen baitu eta, gainera, izugarrizko defensa baitauka eta, bestalde, Baronio ere oso ausarta delako eta tantoa bukatzen badakielako. Atzeko aldean oso seguruak diren bi atzelariak nor baino nor ariko dira, baina, teorian, Enbil nagusitu beharko litzateke.

Bi bikoteentzat lehia hau oso garrantzitsua da, garaileek Goikoetxea-Elizegi eta Olha-Irastorzarekin puntu bana berdinduko baitute eta, galtzaileak, berriz, atzean geratuko direlako.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!