Eric Irastorza: Donibane Lohizunen jokatzea ohore bat da

Bidartekoak Master Jaiko koadroan onenak daudela onartzen du

Eric Irastorza

2008/08/04: Eric Irastorza, Gotzon Enbilekin batera, munduko atzelaririk onena da eta hau uda honetan berriro erakusten ari da, nahiz eta duela gutxi orpazurdan lesio larri bat sufritu izana. Iazko Munduko Txapelketan Bidartekoak eta Andoni Arriagak bigarren postua eskuratu zuten finalean Goikoetxea eta Enbilen kontra amore emanda. Hegoalde eta Iparraldeko zaleen gozamenerako, aurten lau pilotari hauek, Landerrek eta Felixek, txapelketa honetan brontzea lortu zutenek eta beste izar askok Master Jaiko kamiseta jantziko dute.

Ostiralekoa goi-mailako partida bat izan zen.

Bai, eta oso orekatua. Berriro Iñakiren kontra aritu nintzen eta han ere Adolfo egon zen, Donibane Lohizunen bikain jokatzen ari dena. Lehenengo setean apurka-apurka joan ginen eta hamalaunako berdinketarekin edozein gauza gerta zitekeen. Bigarrenean akats gehiago egin genituen eta hirugarrenean Cristophe gehiago sartu zen jokoan, min handia egin zuen eta tanto ugari sinatu zituen, beraz, azkenean garaipena lortu genuen.

Ligaxkan jokatu behar dituzun beste bi partidak ere oso gogorrak izango dira.

Hori seguru, hemen oso bikote onak gaude eta, hori dela eta, partida bakoitzean biziki borrokatu beharko dugu, baina hau oso ona da, bai guretzat, baita publikoarentzat ere. Koadro hau pilotaz bikain jokatzen duela argi eta garbi erakusten ari da, kalitate handikoa da eta Donibane Lohizunen ematen ari den espektakuluarekin hau argi geratzen ari da.

Izan ere, zesta punta munduan, Donibane Lohizune erreferente bat da.

Duda barik. Euskadiko eta Frantziako Iparraldetik etortzen den jendearekin lan ikaragarria egiten ari dira eta guri erregeak bagina bezala tratatzen gaituzte, horregatik, guk gure onena eman behar dugu. Niretzat Donibane Lohizunen, goi-mailako koadro honetan eta onenekin batera jokatzea ohore bat da.

Asteazkenean, Durangon, uda honetako zure lehenengo titulua irabazi zenuen, zer gogoratzen duzu final hartaz?

20 edo 25. tanto arte ni txarto ibili nintzen, Durangokoa, Donibane Lohizune edo Gernikako frontoiaren aldean, ezberdina delako eta hara moldatu egin behar da. Hasieran ez nintzen errebesez heltzen, edo pilota ihes egiten zitzaidan, baina gero, eskuinez, tanto batzuk egin nituen, Philippe jokoan sartu zen eta bikain aritu ginen azken txanpan.

Nola laburbilduko zenuke Euskadin emandako lehen hilabete hau?

Orain balantzea ona dela esango nuke, itzuli nintzenean izterrondoan mina neukalako eta orpazurdan, nahiz eta mina ez eduki, molestia sentitzen nuelako. Orain, ordea, egunetik-egunera gero eta gustorago sentitzen naiz.

Beraz, hemendik aurrera, Eric hobeto ibiliko da.

Hobeto eta gogo handiekin.

Aipatu duzun orpazurdak arazoak eragin zizkizun Miamiko denboraldi osoan zehar.

Bai, mina dela eta, ehunetik berrogeita hamarrera ibili naiz eta, horretaz gain, lau hilabete egon nintzen geldirik. Hau kirolariaren bizitzaren alde bat da, oso egoera zaila da, baina onartu egin behar duzu eta etorkizunean hau oroitzapen txar bat besterik ez izan dadila espero dut.

Munduko Zirkuituan ere mina sentitu zenuen orpazurda honetan.

Goikoetxearekin jokatzen nuen eta apur bat laguntzeko zerbait egin nahi nuen, baina ez nuen ezer egin. Oso txarto ibili nintzen, hanka bakar batekin jokatu nuen, orpazurdan mina sentitzen nuen eta ez nintzen ehunetik ehunera ibili, ezta gutxiagorik ere. Hala ere, hurrengo urtean hobeto arituko gara.

Abuztu honetan beste hiru izar izango dira ikusgai Euskadin, kasu honetan, Daniatik etorritakoak.

Bai, han torneoak jokatu ditugu eta ezagutzen ditut. Oiarbide bikain dabil errebesez eta oso aurkari gogorra izango da.

Arriaga ere hemen egongo da eta azken Mundiala berarekin batera jokatu zenuen. Nola ikusten duzu?

Beti legez, oso langilea eta atleta bat da. Beraren kontra maila emateko, fisikoki bikain ibili egon beharko da.

Era berean, uda honetan Zelaia, Baronio, Olha, Goikoetxea, Enbil eta beste asko hemen daude. Ikusten denez, Master Jaiko koadroa oso indartsua da.

Indartsua baino zerbait gehiago da. Hemen onenak daude eta horregatik, partida bakoitza oso gogorra da eta biziki borrokatu egin behar da. Berdin da zure abizena zein den, garaipena lortu nahi baduzu, egunero dena eman behar duzu.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!