


2008/08/08: Afizionatu mailako zesta puntako pilotariak gaur eta asteazken bitartean Gernika Jai Alain bilduko dira eta ostegunean profesional mailako Kontinentearteko Torneoaren finalerdiak eta finalari lekukoa emango diete. Txapelketa honen azken fase hau herriko jaiekin batera ospatuko da.
Amateur txapelketa honetan Euskal Herriko bost herrialdeetatik, Galiziatik eta Kataluniatik etorritako infantileko eta senior mailako zortzina bikotek hartuko dute parte. Lehenengo jardunaldia gaur bertan jokatuko da eta bertan Berriatua eta A Coruña nor baino nor ariko dira. Bihar, etzi eta astearteko jaialdiak 10:30etan eta 17:00etan hasiko dira eta astelehenean, berriz, goizez bakarrik jokatuko da, arratsaldez Master Jaiko profesionalak ariko baitira.
Bi mailako txapelketek ligaxkako sistema erabiliko dute, launa taldeko bi multzo izango baitira eta bi liderrak finalerako sailakapena lortuko baitute. Lehia erabakigarriak asteazkenean izango dira 12:00etatik aurrera, izan ere, 11:00etan herriko eskolako umeek partidatxo batzuk izango dira ikusgai eta ordu bat beranduago infantil eta senior mailako tituluak jarriko dira jokoan.