


2008/08/20: Felixek oraindik min handia dauka eskuin eskumuturretik oso hurbil dagoen nerbio batean eta ezin izango du Donibane Garaziko Masterseko finala jokatuko, gau honetan bertan 22:30etatik aurrera hasiko dena.
Berriatuakoak ez zuen jokatu Gernikan iragan astelehenean iragarrita zeukan partida eta orduan, Alliezek hartu zuen bere lekua. Gaur, berriz, Adolfo Elizegi durangarra izango da bere ordezkoa. Hau, Iñaki Goikoetxearekin batera, Olha eta Irastorzaren kontra ariko da intentsitate handiko lehia batean, izan ere, azken hauek atzo Donibane Lohizuneko Abuztuko Nazioartekoen finalerdian jasotako porrota ahazten saiatuko dira.
Era berean, Iñaki uda honetako bere hirugarren tituluaren bila ariko da, Uztaileko Nazioartekoak Barrondorekin batera irabazi baititu eta bukatu berri den Kontinenteartekoan ere, kasu honetan Urtaran arabarraren laguntzaz, garaile atera zen.
Barrondo, espero zen baino hobeto
Bestalde, Jon Barrondoren lesioa hasieran espero zen baino arinegia da, izan ere, eskuin besoko tendoia ondo dago eta dena bicepsean zuntz haustura txiki bat besterik ez da izan. Andoaindarrak errehabilitazio lanak hasi ditu dagoeneko eta, gutxi gora-behera, lau aste egongo da bajan, eta ez hiru hilabete, hasieran uste zenez.