Dunat: Parisko Jai Alaia inoiz baino hurbilago dago

FIPV-eko idazkari nagusia baikor agertzen da zesta puntaren etorkizunari begira

Jean Baptiste Dunat

2008/08/01: Jean-Baptiste Dunatek, Euskal Pilota Nazioarteko Federazioaren idazkari nagusiak hurbiletik jarraitzen du zesta punta. Izan ere, Maiatzaren bukaera aldean Paueko Kiniela Erako Mundialeko jardunaldi guztiak zuzen-zuzenean ikusi zituen eta http://www.masterjai.com-i emandako elkarrizketa honetan modalitate honen egoera aztertzen du.

Kiniela Erako azken Mundialean egon zinen.

Oso torneo ona izan zen, orekatua eta final ikaragarri batekin, beraz, denok oso pozik geratu ginen. Denek gogor borrokatu zuten, ikusitakoarekin publikoa gustura egon zen eta arrakastatsua izan zen.

Hamalaunako berdinketarekin, ezin da emozio gehiagorik eskatu.

Ez, lehenbiziko edizioa ere orekatua izan zen, baina zaila ikusten dut inoiz 2008ko final honetan baino emozio handiagoa bizitzea. Hamalaunako berdinketarekin, titulua tanto bakar batean erabaki zen eta oso interesgarria egon zen.

Paueko publikoaren erantzuna ere aipatzekoa zen.

Bai, hemengo publikoa berezia da, Frantzian zesta oso gaztea da eta etorkizunean frontoira jende gehiago erakartzeko aukera badagoela pentsatzen dut.

Mota honetako txapelketekin zestaren egoerak hobera egingo du?

Hau da gure asmoa. Zesta garatu nahi dugu eta hurrengo etapa Parisko frontoiarekin helduko da. Duela hamabost urte hasi ginen Jai Alai hau lortzeko borrokan eta bere irekiarekin, modalitate honek bultzada bat jaso lezake.

Nola dago proiektu hau, aurrera doa, geldirik dago….?

Ez dago geldirik, izan ere, oso aurreratua dago. Apurka-apurka goaz, baimen asko behar dira eta tramiteak astunak dira, baina Parisko Jai Alaia inoiz baino hurbilago dagoela uste dut.

Ekimen honetan jende asko dago sartuta?

Bai, dirua sartu nahi duten babesle ugari daude. Instalazio honetan beste gauzak ere egingo lirateke eta astero hiruzpalau aldiz jokatuko litzateke.

Duela bi urte Paueko Jai Alai ireki zen, hemendik bi hilabetera Filipinetako Eusko Basque Jai Alaiaren inaugurazioa izango da eta zuk París aipatu duzu, kantxa hauekin zestak gora egingo du?

Bai, baina zaleen laguntza behar da. Zesta asko jarraitzen da Frantzian, batez ere udan, eta Paris ondo ibiltzen bada, zestak nabarmen egingo du gora.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!