


2008/08/2008:
Andoni Arriagak, Eric Irastorzarekin batera egungo munduko txapeldunordeak, ibilbide berri bati ekion dio aurten Euskadin eta Dania Jai Alaira itzuli baino lehen, Urrira arte geratuko da hemen. Izan ere, Bolibarkoak asteartean jokatu zuen Donibane Lohizunen eta, Enbilekin batera, Baronio-Alliez menderatu zituen. Gaur beste hitzordu bat izango du eta kasu honetan bere aurkariak Olha-Irastorza izango dira.
Nola sentitu zinen asteartean Donibane Lohizunen?
Nahiko ondo, nik uste nuen baino hobeto. Gerriaren kontua dela eta, beldurra neukan eta erresistentzia baino, beroa nabaritu nuen. Ikaragarrizko hezetasuna zegoen kantxan eta ez nuen inoiz horrelako berorik sentitu, ezta Floridan ere.
Aurten lesioekin biziki sufritu duzu.
Lehenengoa Otsailean izan nuen eta bi hilabete eman nituen jokatu barik. Ez nuen injekziorik behar eta ariketak egiten sendatu nintzen, baina handik bi hilabetera, berriro mina sentitu eta orduan bai, injekzioak jarri zizkidaten eta beste hilabete bat egon nintzen jokatu barik. Guztira, hiru hilabete egon naiz geldirik eta Euskadira etorri baino lehen bi aste besterik ez dut jokatu.
Hernia bat zeneukan.
Hala da. Ez da ezer larririk eta esan zidatenez, kirolari gehienek badaukate, baina ez dute minik sentitzen. Nik ordea, min handia sentitzen nuen.
Duela hiru eguneko partidan lan asko egin behar zuen garaipena lortzeko.
Lehenengo seta oso gogorra izan zen. Baronio ezagutzen nuen, baina Alliez ez, bote lasterrean eta errebesez bikain aritu zen eta oso erraz atzeratzen zuen pilota. Asko gustatu zitzaidan bere jokoa.
Eta gaur Irastorza, Miamiko atzelaririk onenaren kontra lehiatuko zara.
Neguan, berak ere arazo ugari izan ditu lesioen erruz eta iragan udatik hona ez dut bere kontra jokatu. Azken Mundialean elkarrekin egon ginen eta hobe da Eric alboan egotea beste bikotean baino.
Zer iruditu zitzaizun asteartean Donibane Lohizunen bizi izandako giroa?
Heldu eta lehenengo partidan 2.000 ikusle aurrean jokatzea oso polita da eta karpa, han jartzen diren zesta bideoak eta beste kontuak ere ikusgarriak dira. Frontoi bat horrela ikusten duzunean, hau kirol handia eta ikaragarria dela nabaritzen da. Kantxa batek giro hau edo ehun ikusle besterik ez izatea ez da gauza bera.
Zuk urte batzuk eman zenituen Campos Berri honetan jokatu barik.
Iaz Irailean heldu nintzen, Nazioartekoak bukatu ondoren, beraz, lau urte baneramatzan han jokatu barik. Frontoia ezagutzen nuen, baina nire errendimendua nolakoa izango zen ez nekienez, beldurra neukan. Ondo sentitu nintzen, sakearekin asmatu nuen, baina hezetasuna eta gure izerdia direla eta, irrist egiten nintzen.
Hemendik gutxira, Gernika Jai Alai historikora ere itzuliko zara.
Iaz itxita zegoen, beraz, urte asko eman ditut jokatu barik. Gernikan entseiguak egin ditut eta ikaragarri gustatzen zait nola geratu den, baina entrenamenduetan irrist egiten nintzen. Oso frontoi handia da eta sartzen zarenean liluratuta geratzen zara, pilotaleku bat beharrean, Amerikatik zatozenean ikusten duzun aireportua ematen du.
2008. urte honetarako erronka baten bat badaukazu?
Osasuna izatea, lesioak ez sufritzea eta berreturak ez izatea. Horrekin pozik geratuko nintzateke eta horretaz aparte, dena emango dut titulu baten bat lortzeko asmoarekin.
Nola gogoratzen dituzu iaz Euskadin eman zenituen bi hilabeteak?
Lesioak ez nituenez, oroitzapen ona daukat. Ondo prestatuta heldu nintzen, bikote sendoen kontra jokatu genuen eta emaitzen aldetik, dena pozik egoteko modukoa izan zen.
Uda honetan hemen hiru hilabete geratuko zara, 2007an baino hilabete bat gehiago, hain zuzen ere.
Bai, again bi hilabete denbora laburra da, ondo prestatuta egonda ere, kinielatik partidetara pasatzea aldaketa handia delako eta moldaketa zaila delako. Hiru hilabete berriz, tarte ideala da, niretzat, ezin hobea.
Munduko Zirkuituaren Estatu Batuetako fasea jokatu ez izanak pena eman zizun?
Noski, kirolari batentzat lesionaturik egotea gauzarik txarrena delako eta, gainera, Zirkuituarena oso ideia berria eta espektakularra dela uste dudalako. Nik ezin nuen Amerikan jokatu, baina ekintza honekin zestak gora egin dezala espero dut.
Master Jaiko egungo koadroa 2007koa baino indartsuagoa da?
Iazko koadroa oso indartsua zen eta aurtengoa antzekoa edo onena da, baina aurpegi berriak ikusiko ditugu eta hau da gauzarik garrantzitsuena. Goikoetxea, Enbil, Irastorza eta besteak izar handiak dira, baina aurten Zelaia, Oiarbide eta kalitate handiko eta ezezagunak diren beste puntista baten bat badaude.