
2007/12/27: Pauko frontoiak bihar hartuko du, 20:00etatik aurrera, zesta punta kinielen torneoaren finala, 2007ko azkena izango dena eta bertan lau bikotek borrokatuko dute tituluaren bila.
Alberdi II-Arriola, Treku-Alliez, Aimar-Barrondo eta Lander-Garai izango dira hamabost tantorako jokatuko den kinielaren protagonistak eta bertan, bigarren bueltatik aurrera egingo diren tantoek ez dute balio bikoitza izango. Lehia oso erakargarria aurreikusten da, izan ere, Luis Marik bere hirugarren semeari, gaur bertan jaioko denari, txapela eskeini nahiko dio, Treku-Alliez bere publikoaren aurrean garaipena eskuratzen saiatuko dira, Aimarrek, azken orduan Azpillagaren lekua hartuko duenak, aukera hau aprobetxatu nahiko du bere kalitatea erakutsiz eta Lander-Garaik hilaren 14ko finalerdian eskeinitako irudi bikaina errepikatzeko asmoa daukate.
Horrez gain, hau izango da Alberdi II.a eta Barrondorentzat lehenengo hitzordua larunbatean Berriatuan Naturgás Energía Desafioa irabazi ostean eta dena emango dute sei egunetan bigarren titulua eskuratzeko. Era berean, finalerdiak emozioz beterikoak izan ziren, beraz, bihar oreka handiko goi mailako espektakulua izan dadila espero da.
Final nagusi honen aurretik bederatzi tantorako lau kiniela jokatuko dira eta han, zortzi finalistez gain, Mikel, Hormaetxea, Alberdi III eta Elizegi ere arituko dira.