imagen decorativa

Alberdi II-Barrondok Naturgás Energía Torneoa irabazi nahi dute berriro

Aimar-Félix eta Lander-Elizegiren aurka neurtuko dira Hiruko-final honetan (Berriatua, 16:45etan, ETB-1)

Luis Mari Alberdi

2007/12/21: Alberdi II-Barrondok iazko Naturgás Energía Torneoan lortutako garaipena berritu nahi dute, baina kasu honetan, txapelketa erabat ezberdina izango da, frontoi laburretik ateratzeaz gain, ez da partiden sistemarekin jokatuko.

Hiruko finala-Desafio honetan, gipuzkoarrak bi bikote bizkaitarren aurka neurtuko dira, Aimar-Félix eta Lander-Elizegirekin, hain zuzen ere. Hauek biak izango dira Berriatuako Mendibarren frontoian (16:45etan, ETB-1, zuzenean) lehenbiziko tantoa jokatuko dutenak. Galtzaileak aulkian jezarriko dira, Luis Mari eta Jon sartuko dira kantxa barruan, tanto bakoitzeko galtzaileek kanpoan itxaron beharko dute hurrengo tantoa bukatu arte eta bikote batek 25. tantoa lortuko duen unean amaituko da norgehiagoka.

Sistema berri hau dela eta, oso zaila da pronostikorik eman, baina sei puntisten kalitatea kontuan hartuta, espektakuloa ziurtatuta dago. Izan ere, Aimarrek binakako kinielak eta Bainet Irekia irabazi berri ditu Manilan eta bihar bere osaba Felixekin arituko da. Hau modalitate honetako izar nagusienetako bat da eta elkarrekin Durangoko Mastersean nagusitu ziren. Bi berriatuar hauek bere publikoaren aurrean irudi ona eman nahiko lukete, baina Berriatuako beste hirugarren pilotari bat ere izango da frontoian, Lander, Binakako eta Buruz-Buruko mundialeko finalerdietan aritu zena, hain zuzen ere. Elizegi, bere atzelaria, erreferente bat da bere indarragatik eta beste bikoteari dagokionez, Alberdik Master Jai Torneoaren finala, hilaren 6an jokatu zena, irabazi berri du, eta Barrondo bere partean oso seguru ibiltzen da beti.

Beraz, oso borroka polit bat ikusiko da eta ezohikoa den joko era honekin biziki gozatuko du harmailetan bilduko den publikoak.

Mugartegik agur esango du

Berriatuako jaialdiak bigarren partida bat izango du eta bertan Mugartegik agur esango du Bizkaiako publikoaren aurrean Orlandora (Florida) ostiralean abiatu aurretik, han urtarrilaren 1ean hasiko baita jokatzen. Bihar, Aitorren aurrelaria Hormaetxea izango da eta bere aurkariak Mikel eta Alberdi III.a izango dira.

Argazkia: Iban Gorriti


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!