
2007/12/13.- Manilako Bainet Irekia irabazi ondoren, Aimar eta Garai bihar bertan itzuliko dira kantxara, kasu honetan 20:00etatik aurrera Paueko Torneoaren lehenbiziko finalerdian parte hartzeko.
Bizkaitarra eta arabarra aurkariak izango dira, lehenengoa Félix osabarekin arituko baita, eta bigarrenaren aurrelaria Lander izango baita. Kanporaketa honetan Mikel-Elizegik eta Azpillaga-Barrondok ere jokatuko dute. Azpillaga eskarmentu handiko puntista bat da eta urtarrilaren 1ean Orlandoko koadroarekin hasiko da jokatzen, baina aldez aurretik txapelketa honetan lehiatzeko aukera izango du.
Lehenengo bi sailkatuak hilaren 28ko finalean egongo dira eta han hurrengo asteko bigarren finalerdian sailkapena eskuratuko duten bi bikoteak ere arituko dira.
Biharko jaialdian Trekuk, Alberdi II.ak, Alliezek eta Alberdi III.ak ere parte hartuko dute, baina hauek txapelketa kanpoko kinielak besterik ez dituzte jokatuko.