
2007/12/28:
Aitor Mugartegi etxetik urrun egongo da Gabon-Zaharrean, izan ere, gaur bertan abiatuko da Orlandora bere bizitzako ametsa egi bihurtzeko, hau da: Estatu Batuetan pilotari profesionala izatea. Berriatuar gazte hau urtarrilaren 1ean hasiko da han kinielak jokatzen, baina bidaia egin aurretik, http://www.masterjai.com-ekin hitz egin du eta zesta puntaren azken berriak aztertu ditu.
Orlandora joateko eguna heldu da.
Bai, beti ilusio hau izan dut eta orain egi bihurtuko da. Bisarekin izandako arazoak direla eta, denbora luzez egon naiz itxaroten, baina dena konponduta dago eta gogo handiekin nabil.
Zuk ez duzu inoiz Estatu Batuetan jokatu.
Ez, esperientzia berri bat izango da niretzat eta biziki goza dezadala espero dut. Kantxa barruan ahalik eta onena egiten saiatuko naiz eta ea dena ondo irteten den.
Herrialde hau ezagutzen duzu?
Ez, Kuban, Mexikon eta Filipinetan egon naiz, baina Estatu Batuetan, inoiz ez.
Zein izango da zure erronka ibilbide honetan?
Lehenengo eta behin, frontoira moldatzea, badakit kinielen erritmoa hartzea zaila izango dela, baina azkar moldatzeko nahia dut.
Orlandoko koadroko puntista baten bat ezagutzen al duzu?
Bai, Alain Donostiarrarekin inoiz jokatu dut eta Aimar Kalzakorta nire laguna da.
Filipinetara joan ondoren, aireportuetan etxean bezala egongo zara.
Bai, ordu asko eman ditut hegazkinetan, nekatzen zara, baina kirol hau gustatzen zaigu eta pozik nago.
Luzeegia izan al da Amerikara joateko itxarotea?
Egia esan, itxaropena galduta neukan, azken bi urteetan bisarekin arazo ugari izan nituelako eta Suminan enpresan lan egiten hasi nintzen. Orain ezustekoa harrapatu nau, baina lanean ateak zabalik utzi dizkidate eta gurekin ezin hobeto portatu dira.
Jokatutako azken neurketen ostean sasoian zaude?
Zesta ahaztu nuen apur bat, hemen udan partida ugari daudelako, baina neguan erritmoa jaisten delako, beraz, ez nago ehunetik ehunera. Hala ere, orain oso motibatuta nago berriro eta Amerikan garaipen ugari lortzeko gogo handiz.
Zure agurrean, Berriatuan, merito handiko garaipena eskuratu zenuen.
Irabazten baduzu, beti zapore ona geratzen zaizu, gainera, jaialdia etxean izan zen, Mikel eta Alberdi III.aren kontrako lehia hau oso gogorra izan zen eta laurok ondo aritu ginen.
Estatu Batuetan, zer botako duzu faltan?
Lagunak, neska-laguna, gurasoak eta, orokorrean, dena.
Motorra ikaragarria gustatzen zaizu, kotxea Amerikara eramango duzu?
Motorra asko gustatzen zait, bai, baina kotxea hemen geratuko da.
Han dena berria izango da, udan Euskadira partida batzuk jokatzera itzultzeko itxaropena badut ere.
Zaila izango da herrialde berri batera moldatzea?
Eguraldia eta horrelako gauzeei buruz, ez dut uste. Frontoiarena izango da txarrena, hemen partidak jokatzen direlako eta lehenengo zatia ez da hain gogorra izaten, han, ordea, kinieletan, hasieratik topera egon behar duzu.
Estatu Batuetan geratzeko asmoa daukazu ala Euskadira itzuliko zara?
Lesioak eta arazoak ez edukitzea eta han zortzi edo hamar urte jokatzea oso gauza bikaina izango litzateke, baina Euskadira itzuliko naiz, hori duda barik. Ezin dut herri hau albo batera utzi, ezta pentsatu ere.
Zenbat urte daramatzazu zesta munduan?
Zortzi urte nituenetik. Orain 21 urte dauzkat, beraz, hamahiru, eta betir nire ilusioa Amerikara joatea izan da.
Zein zen zure puntistarik gustukoena?
Nire idoloa Félix izan da. Herrikoa da, aitaren koadrilakoa eta bere jokoa gustatu zait betidanik.
Beraz, beraren kontra aritzea poz handia izan zen zuretzat.
Bai, aurkariak izan ginen nire debutaren egunean. Normalean, zure mailako batekin neurtzen zara, baina orduan nor baino nor aritu ginen eta, gainera, herrian, Berriatuan.
Nola laburbilduko zenuke azken bi urte hauek?
Ez dut txarto jokatu, lehen urtean, Landerrekin batera, Urrezko Xisteraren txapeldunordea geratu nintzen, finala Bilbon jokatu genuen Aimar-Felixen kontra. Gero, 2006an, Donibane Lohizunen irabazi nuen Bereikuarekin batera eta aurkarietako bat Goikoetxea zen, modalitate honen izar nagusia, hain zuzen ere. Horrez gain, Alberdi II.arekin torneoa bat eskuratu nuen Logroñon.
Umea zinela, beste kirol batzuk gustatzen zitzaizkizun?
Futbola gustatzen zitzaidan, baina behin, Mutrikun bizi nintzela, frontoira joan nintzen eskuz jokatzera, mutil batzuek zesta bat utzi zidaten, izena eman nuen eskolan eta gurasoei esan nien zesta eskolan sartu nintzela.
Beraz, ez zintuen inork bultzatu.
Ez, kotxeekin gertatu zitzaidanez, hasieratik bere abiadura gustatu zitzaidan. Gainera, erremintaz jokatzen da eta horrek erakartzen nau, izan ere, pala ere gustuko dut, baina ezker besoko arazoak zirela eta, ez nion modalitate horri ekin.
Abiaduraz gain, zer nabarmenduko zenuke espezialitate honi buruz?
Pilota nola jaurtitzen den, posturak…. Umea nintzenetik biziki erakartzen nau. Aritzek, Berriatuakoak, zesta bat opartiu zidan eta horrekin entrenatzen nuen, gero, nire aitak zaletasun handia neukala ikusi zuen eta zesta berri bat erosi zidan. Horrez gain, zuriz jantzita jokatzen hasi nintzen, beraz, oso pozik nenbilen eta han jarraitu nuen nire aitari, Altuna, nire lehengo monitoreari, eta Lekue, nire hurrengo entrenatzaileari esker.
Zure aitak ere zestaz jokatu zuen?
Bai, Felixekin batera hasi zen, adin eta koadrila berekoak zirelako, baina baserrian lan egiten zuenez eta etxeko seme nagusia zenez, ez zeukan denbora askorik izaten eta urte bat jokatu zuen, besterik ez. Berak poz handia hartu zuen nik zestaz jokatzen nuela ikustean, berehala aspertuko nintzela uste zuen, baina han jarraitu nuen eta alebin mailaren ostean Berriatuara joan nintzen, Mutrikun umerik ez zeudelako. Lekue oso ondo portatu zen gurekin eta asko irakatsi ziguten, ni Erikekin batera joaten nintzen Mutrikutik eta bera orain Danian dago.
Amerikan Erikekin topo egiteko irrikitan egongo zara.
Bai, ikaragarrizko gogoa daukat, txiki-txikitatik elkarrekin jokatu dugu eta esaten dutenez, kinieletan ezin hobeto dabil.
Nola pasatu duzu Filipinetara egindako azken bidaian?
Oso ondo, gurekin oso atseginak izan dira, kantxan animatzen gintuzten eta haiekin batera ere jokatu dugu. Ni Gingonekin aritu nintzen, oso pozik egon nintzen berarekin, baina ez daude ohituta abiadura handiz jokatzera eta hau eta materiala dira euren arazo nagusiak. Hala eta guztiz ere, puntista onak dira, pilota sartzen eta ondo erreboteatzen dute, baina ez daukate indarrik.
Haientzat oso garrantzitsua da zuen kontra jokatzea.
Bai, eurentzat amets bat da gure aurka lehiatzea eta ilusio handiz zebiltzan.
Espero zenuen horrelako harrera izatea?
Ez, ezta gutxiagorik ere, eta janaria eta dena ezin hobea izan zen.