imagen decorativa

Anton Mendizabal: Pilota artearen ikuspuntutik

Artista gipuzkoarrak ia hamabost urte eman ditu kirol honi buruz lanak egiten

Anton Mendizabal

2007/12/13: Anton Mendizabalek pilotarekiko lotura handia du eta, nahiz eta palaz edo eskuz jokatu duenean, beti lagunartean izan, Oiartzunen bizi den donostiar honek aspalditik bultzatu du kirol hau. Izan ere, hamar urte baino gehiago eman ditu pilotari buruzko lanak egiten, Azkoitiako Oteiza frontoiak, besteak beste.

Zure aitari esker ezagutu zenuen pilota.

Hala da, lauzpabost urte nituela, pilotarien entrenamenduetara eramaten ninduen eta niri ez zidaten aldageletara sartzen uzten, beraz, pilota pare bat eta pala bat eman zizkidaten eta jokatzen hasten nintzen. Dena ilunpean zegoen, argi bakarra lehiotik sartzen zena zen eta dena entzuten zen, nire urratsak, frontisen txapa, pilotakadak, ukitzen nuen aulkia…. Gune erlijioso bat zen eta pilota kirol bat baino gehiago zela ikusi nuen.

Pilota, kultura ala kirola da?

Kirol batean oinarritzen da, baina gure herrialdean ikaragarrizko garrantzia du eta kulturaren zati bat da. Izan ere, horri buruz filmeak, antzerki lanak, eleberriak, eskulturak eta pinturak egin dira. Beste kirol batzuetan ere egin dira, baina ez honetako kalitate eta intentsitatearekin, izan ere, pilotan plastikotasun gehiago dago, adibidez, zesta puntako argazkietan pilotariak dantzan egiten ari direla ematen du.

Nola bururatu zitzaizun kirol honi buruzko lanak egitea?

1983an eskultura bat egin nuen eta kajoian gorde nuen idea bat bihurtu zen. Frontela zuen izena eta nire aitari eskeini nion. Gero, beste gai batzuekin ibili nintzen, baina 90ko hamarkadaren hasieran, telebistaren bitartez pilota zabaldu zenez eta jendearen artean harrera ona izan zuenez, ideia hau berreskuratzeko une egokiena zela pentsatu nuen.

Hamar urte baino gehiago eman zenituen pilotari buruz eskulturak eginez.

Bai, Kutxaren babesa izan nuen eta, hori dela eta, pribilegiatu bat izan nintzen. Kutxak pilota erakustaldi bat eginda zuen lehen eta argazki artxibo handi bat zeukan. Nik lanen gaiak murriztu nituen, bestela, ez nintzateke inoiz bukatuko. Hiru parametro aukeratu nituen, kantxa, pilotaria eta erreminta; eta bi alderdi, kultura eta mitoa, frontoia aldaretzat hartuz.

Pozik egongo zinateke gustuko duzun gai honetan lan eginez.

Niretzat gozamen handia izan zen, partida asko ikusi nituen eta aintzinako frontoi askotan egon nintzelako, hauek xarma berezia daukate eta. Gaur, publizitatea dela eta, ukitu berezi hau galdu egin da, oihu asko eta zalaparta handia daude horman eta ezin duzu ondo ikusi, lehen, ordea, kantxa eliza bat bezalakoa zen.

Lehen, mezaren ondoren, denok joaten ziren plazako frontoira pilota ikustera.

Hala da, herrian baserritik mezara, eta handik, frontoira joatea ezinbestekoa zen. Pilotaria apaiz bat zen, lehen eliza barruan ospakizun bat zegoen eta gero frontoian beste bat, Angelusa eta guztiz.

Zu pilotaz aritu zinen.

Bai, 61 urte dauzkat eta duela gutxi eskuz jokatzen nuen, baina lagunartean bakarrik. Palaz hasi nintzen, baina eskumuturrean arazoak izan nituen eta eskuarekin hasi nintzen.

Zure eskulturetan errebote eta laxoaren deitaleak ere agertzen dira.

Bai, modalitate hauek galtzen ari dira eta horrek pena ematen dit, baina Oiartzungo eskolatik bultzatu nahi ditugu, 25 ume dauzkagu joko garbiz jokatzen eta espezialitate hauek Zubietan, Billabonan eta Iparralden bizirik diraute. Oso interesgarriak dira, bai kultural aldetik, baita kirol aldetik ere, kolektiboak garrantzi handia daukalako eta bi helburu ezberdin daudelako, bata, tantoak lortzea, eta bestea, lurra irabaztea, errugbian bezala. Hormaren kontrako jokoa ulertzea oso erraza da, baina joko zuzena aberatsagoa da eta buruz azkar izan behar duzu.

Iparraldeko edozein kantxan joko garbi ikusteko aukera dago.

Bai, gainera, han turismoko folklorean sartu eta dirua irabazten dute. Orokorrean, Iparraldean pilota interesgarriagoa da, espezialitate gehiago daudelako, share eta eskua trinketean, besteak beste, eta pilotariek urte osoan zehar denetara jokatzen dutelako. Hau da gauzarik onena, hemen, hamabi urteko ume batek eskua eta, gainera, aurrean edo atzean aritzea aukeratzera behartuta dagoelako.

Oteizako frontoietako egilea zara.

Bai, nik Pilotaz proiektuan nengoela ezagutu nuen Oteiza. Gero, Kutxak pilota munduan zerbait berezia egin nahi zuen Oteizarekin eta informazio eta modalitate guztiak izan ditzan erdigune bat egiteko idea sortu zen. Fase batzuk egon ziren, lehenengoan Oteizaren oroimenez pilota parke publiko eta ludiko bat egin zen eta bigarren fasean sei frontoiak egin ziren.

Hau izan da zure lanarik garrantzitsuena pilota munduan.

Bai, ez nuen proiektu hori espero eta bukaera ezin hobea zen, Oteizaren estilora eta horrela berari omenaldi bat egin genuen. Oteizak kutxak egiten zituen eta, handik aurrera, frontoia. Nik, ordea, alderantziz egiten nuen lana, frontoitik eskulturara joaten nintzen.

Bera pelotazalea zen.

Bai, frontoigunea asko gustatzen zaio, bertan gertatzen zena magikoa zela uste zuelako eta horrez gain ideia poetiko asko zituen, ehiztariarena, adibidez, eta berari esker pilota beste era ezberdin batean ikusten ikasi nuen.

Pilotariak garrantzi handia izango du kirol honetako arlo magiko honetan.

Hala da, jendearen aurrean mago bat da, sinbolismo handia dauka eta apaiz bat bezalakoa da. Kulturaren zati bat da, baina dena pentsatu gabe egiten du.

Nola izan zen pilotarien erantzuna zure eskulturak ikustean?

Titín, Beloki, Unanue, Arretxe eta Galarzaren gorputz-jarrerekin oinarritutako eskulturekin aurkeztu nuen proiektua, denei gonbidatu nien, baina ez zen inor agertu. Pilotariei interesatzen zaien gauza bakarra ondo pasatzea eta kantxan bikain aritzea da eta, nahiz eta salbuespen batzuk egon, gaurko futbolistak bezalakoak dira.

Mikel Goñirekin egin duzu topo inoiz?

Bai, behin laxoa jokatu zuen eta bere oroitzapen bakarra bukaeran kantxa garbitu behar izan zuela zela esan zidan.

Txikitan, zeintzuk ziren ikusten zenituen pilotariak?

Atano X.az gogoratzen naiz eta gero Ogetak gantxoarekin egin zuen iraultza aipatuko nuke. Azken urte hauetan Titinek antzeko gauza egin du, frontoigune aldatu duelako, izan ere, kantxa zabaltzen du, errematatzen du, lurrera botatzen da… Retegi oso ona izan zen, baina ez zuen iraultza bat egin.

Frontoira joaten zara?

Gutxitan. Noizean behin errebotera ikustera joaten naiz. Arrazoi askorengatik nahiago dut hau Atanon eskuzko partida bat ikustea baino, besteak beste, diruagatik. Hala ere oso ezberdina da partida bat zuzenean ala telebistaz ikustea, soinua oso garrantzitsua delako. Finaletan, adibidez, dunbalek ez didate gozatzen uzten, leku itxi bat delako, ohiartzun handia dagoelako eta ezin dudalako ondo entzun.

Etorkizunean pilota lanak berriro egiteko asmoa daukazu?

Nik zikloak egiten ditut eta pilotarena bukatu egin da. Orain musikan nabil, baina kirol honi buruz zerbait puntuala sortzen bada, egingo nuke.

Bukatzeko, nola egiten duzu musika eskultura batean irudikatzeko?

Tarteekin lan eginez, dentsitatea daukaten bibrazioak daude eta hau oso eskulturala da. Elkarren arteko harremana oso estua da.


¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!