
2007/12/05:Aimar, Mikel, Joakin, Arriola, Garai eta Mugartegi euskal pilotariek filipinarrekin batera borrokatuko dute Bainet zesta punta III. Irekia, Manilan gaur jendetzaren aurrean aurkeztu dena eta Filipinetako hiriburuko Quezon City frontoian jokatuko dena.
Hurrengo hiru egunetan zesta punta izango da ikusgai hiri honetan eta hiru torneo antolatuko dira, bi partiden sistemaz, eta beste biak, kinielaz. Bata buruz-buru izango da, eta bestea, berriz, binaka. Lehenengo txapelketari dagokionez, finalerdiak bihar izango dira, alde batetik, Gingone-Mugartegi eta Mikel-Arriola neurtuko dira; eta bestetik, Aimar-Garai eta Merson-Joakin. Kanporaketa hauen garaileek larunbatean, hilaren 8an, tituluaren bila borrokatuko dute. Galtzaileek, berriz, hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute.
Bestalde, buruz-buruko kinielan, Eric, Garai, Estipona, Arriola, Mugartegi, Gingone, Joakin, Merson, Mikel eta Aimar arituko dira. Binakakoan, berriz, Merson-Garai, Estipona-Joakin, Mikel-Benavente, Robin-Arriola, Eric-Mugartegi, Aimar-Jobet eta Gingone-Socrates izango dira bikoteak. Bi kinielak hamarna tantora jokatuko dira eta bigarren bueltatik aurrera ere, tantoek ez dute balio bikoitza izango.
Bainet III. Irekiaren amaiera igandean helduko da, orduan jai bat eta sari-banaketa egingo baita. Han, txapelketetan parte hartu duten pilotari guztiak egongo dira.
Charlie Medrano larunbatean joango da Daniara
Prentsaurrekoan Charlie Medrano filipinarra ere egon zen, bera larunbat honetan bertan abiatuko baita Estatu Batuetara Dania Jai Alaiko koadroarekin jokatzen hasteko. Aurrelari gazteak
urduri, ilusio handiz eta zoriontsu
dagoela azpimarratu du, izan ere, erronka honetan
dena
eman nahi du. Berarekin batera bere aita abiatuko da Floridara aipatutako kantxan zestero lana egiteko.
Entseigua Quezon City frontoian
Txapelketaren aurkezpenaren ostean, Eusko Basqueko puntistak Quezon Cityko frontoira joan ziren hurrengo egunetan arituko diren kantxara moldatzeko.