
Kronika 2007/12/22: Alberdi II-Barrondok Naturgás Energía Torneoaren titulua berritu dute Aimar-Félix eta Lander-Elizegi Berriatuako Mendibarren frontoian 25 tantora jokatutako Hiruko Finaleko Desafioan menderatuta.
Norgehiagoka oso entretenigarria izan zen eta tanto piloteatu ugari izan zituen, Bizkaiako herri honetako kantxan bildutako publikoaren gozamenerako. Emozioa ere protagonista izan zen bertan, garaileak atzetik hasi zirelako eta hamargarren tantoa arte azken postuan ere egon zirelako, Lander-Elizegi, berriz, bikain aritzen ziren eta lidergoari eusten zioten.
Hala ere, bost tantoko desabantaila izan ondoren, laranjek erreakzionatu zuten eta Jonen, seikoteren onenaren segurtasuna eta Luis Mariren sahietseko erremateak baliatuz, 20. tantoan lehia berdindu zuten. Handik aurrera emozio handiko azken txanpa bat bizi zen eta gipuzkoarrek lehenbizikoz aurrea hartu eta gero (20-21) lehia berehala erabaki zuten Lander-Elizegi eta Aimar-Felixen zoritxarrerako. Azken hauek beti egon ziren atzetik eta hirugarren postua besterik ez zuten lortu bere publikoaren aurrean.
Neurketaren bukaeran sari banaketa ospatu zen eta han Aitor Zarate Naturgás Energíaren ordezkariak eta Jon Torre Master Jairen presidenteordeak parte hartu zuten.